The Machetazo

  • Data: 2017-09-14
  • Ordua: 21:30
  • Lekua: Donostia, Altxerri jazz club

Gure garaiko jazzari emandako bost musikari gazteren talentutik sortutako proiektu musikal bat da The Machetazo. Bostak dira Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegian ikasiak, eta eskarmentu handia dute musika talde askotan ibiliak direlako, aitzindari gisa batzuetan, taldekide gisa besteetan eta laguntzaile gisa ez gutxitan.

New Yorken du jatorria The Machetazo proiektuak, hiri hori baita jazz musikari ororen Meka; master baten bidez beren ikasketetan sakontzeko xedean hiri horretara joan ziren gure bost lagunak lehendik Holandatik pasa ondoren.Ezin hobeak ziren baldintzak: hiri bikaina, sortzeko ilusio eta gogo handiak, eta gainera taldekideak apartamentu batean eta berean bilduta, konplizitate eta elkar ulertze musikal guztiz berezia sortu zen euren artean, luze gabe sortuko zen proiektuari begira ezinbesteko oinarria, alegia. Brooklyn auzoan zegoen bi logelako apartamentu horretako pareten artean (bazuen patio bat gibelaldean), taldeak bere musika landu eta bere soinua zehaztu zuen, dena partekatzeagatik, bereziki musikarekiko grina partekatzeagatik, euren artean sortutako adiskidetasun handia lagungarri; horrek guzti horrek isla garbia du taldearen konposizioetan. 1290 Prospect Place garrantzi handiko une horietan taldekideentzat zuzeneko inspirazio iturri izan zela esan genezake. Bost hilabetetan forma eman zioten taldekideek beren proiektuari, gogotik egin zuten lan, musika baizik ez zuten arnastu. Musikari gisa zituzten aukeretan sinetsita, betiere jotzeko irrikatan, New Yorkeko kluben zirkuituko agertokietan jo zuten beren gaiak ezagutaraziz eta zuzeneko emanaldietan lortzen duten konplizitate aparta agerian utziz, betiere haien emanaldietara gerturatzen ziren ikus-entzuleen arreta erakarririk, egiazki originala baita taldearen proposamena. Europara itzultzerako lortua zuten boskotea agertokiak hartzeko makineria bikain koipeztatua izatea, lanean hasteko prest.

2016ko irailean bi egun eman zituen taldeak Talavera de la Reinako Black Hill estudioetan, bertan eman zion behin betiko forma bere lehenengo albumari. Izan ere, aipatu estudioetara ezin hobe ekarri ditu zuzeneko emanaldien bizitasuna eta bat-batekotasuna taldeak, funtsean diskoa zuzeneko emanaldietatik grabatutako zatietan oinarrituta apailatzeko erabakia hartu zuelako, taldearen soinuari berezkoa zaion atmosfera bero eta bizi hori lortzeko; horretarako oso lagungarria gertatu zitzaien bertan nahasketa analogikoak egiteko mahai bat izatea. Diskoa osatzen duten konposizioak, gure garaiko material berria bezain freskoa eskaintzen baitute, erritmo, harmonia eta moldaketa bihurrien nahasketa landuak dira, inprobisazio pasarteetan bakarlariek beren esplorazioak egiteko ingurune aparta bihurtzen dute musika. Taldearen lehenengo lanaren izenburuak –1290 Prospect Place– zuzenean egiten dio erreferentzia gerora grabazio honetan islatuko ziren giza esperientzia aberasgarri haiek bizi zituzten eta taldearen soinua finkatu zuten Brooklyn auzoko apartamentu txiki hari. Lehen adierazi dugun Toledoko hiri horretako estudioetan egin ziren moldaketa lanak, eta ondoren Holandan egin ziren masterizazio lanak.

Jorge Castañeda (pianoa), Daniel Juárez (saxoa), Nacho Fernández (gitarra), Darío Guibert (kontrabaxua), eta Mikel Urretagoiena (bateria) musikariek osatzen dute The Machetazo. Funtsean jazzean dago sustraituta talde honen musika, baina hein batean urrundu egiten da generoaren arauetatik, musika estilo honetan ezagutzen ez diren ikuspegiarekin eta sentimenduarekin interpretatzen eta moldatzen baitu, rockaren munduko egitura jakin batzuekin parekatzera iristeko moduan, hori bai, betiere taldearen beraren galbahetik iragazita, zuzeneko emanaldietan taldekideen artean sortzen den lotura ia telepatikotik etorritako galbahetik iragazita, bostak baitira nola Estatu Espaininarrean hala atzerrian izandako jam session ugaritan zailduak. Indar handikoak, bizi-biziak eta bikainak dira taldearen zuzeneko emanaldiak, generoan ohikoak ez diren ñabardurekin aberasten dute egiten duten musika estiloa. Taldeak egiten duen musikaren sentiberatasunak, sormenak eta originaltasunak zuzeneko emanaldietan aurkitzen dute bide egokiena bere emanaldi bakoitza entzulea hotzepel uzteko gai ez den energia positiboko deskarga bihurtzeko.

The MachetazoFoto2