5 segundoro / cada 5 segundos

 5 Segundoro / Cada 5 segundosdiskoak jatorrizko zortzi konposizio eta Mikelek berak Axuri Beltza doinu tradizionalarekin egindako moldaketa bat biltzen ditu; azken hori Jaurrietako emazteek jaietan interpretatzen eta dantzatzen duten dantza abestua da. Egitura harmoniatsu konplexuak eta baita bihurriak ere sortzeko obsesioaren ondorioz jazzean doinu bikainak sortzeko interesa zenbaitetan apur bat baztertuta dagoelako sentsazioa nagusitzen den honetan, bihotza altxatzen du Mikel bezalakoekin topatzeak, oso doinu ederrak ontzeko gai baitira eta konposizioa osotasun baten gisara ulertzen baitute, zeinetan elementu guztiak, doinuak, harmonia eta erritmoa, eskutik hartuta doazen ideia orokor batean barrena. Segur asko horrexegatik, batasunaren sentsazioa hautematen dugu, ongi garatutako istorio osoa, Mikel Anduezaren gaiak entzuten ditugunean, idatzita dagoenak eta bakarkako inprobisazio pasarteek helburu bera baitute: forma ematea ideia bati, usain gozo bati, istorio bati. Zaude ziur hor kanpoan ez dagoela horrelako zerbait lortzeko gai den asko.

                Eta hori gutxi balitz, saxofoi jotzaileak disko honetan dituen bidaideen zerrendari erreparatuta, agerian geratzen zaigu Mikelen beste dohain bat, taldekideak ezin hobe aukeratzeko dohaina, hain zuzen. Irudikatzen dut zeinen pizgarria eta atsegina izan behar duen Iñaki Salvador, Dani Pérez, Chris Kase, Gonzalo Tejada eta Gonzalo del Val bezalako musikariekin estudio batean sartzeak, guztiak baitira txapela kentzeko moduko ibilbidea egina duten benetako maisu. Nekez jardungo du talde batek behar bezala taldekideen artean ongi moldatzen ez badira, eta oso esanguratsua da musikari bikain horiek beren baitan duten guztia emateko gai izatea talde zentzuari iskin egin gabe eta Mikelen konposizioak eta ideiak aintzat harturik. Halako prozesuak oso aberasgarriak dira musikarentzat berarentzat sarri askotan, musika betiere baita irabazle zertan ari diren ongi asko dakiten artista talentudunekin. Haiek gabe, ziur naiz disko hau bestelakoa izango zela.

                Anduezaren konposatzeko dohainetara itzulita, hona hemen haiek behar bezala estimatzeko dastatzeko menua. Doinu-garapen luzeak, mugimendu erritmiko pizgarriez lagundurik ez gutxitan, esate baterako Majito gaian, Mikel, Chris eta Salvadorren hiru bakarkako pasarte zoragarriez onduan. Sentimenduz beteriko benetako doinu eztanda da      5 Segundoro / Cada 5 segundos, bizi garen eroen mundu honetan haurren heriotza-tasa ikaragarri handiak eragindako tragedia izugarriari buruzko gogoeta musikala. Beste batzuetan, esate baterako Underground gaian, modu miresgarrian hazten da gaiaren egitura bai dinamikari bai bizitasunari dagokionez. Mikelek eta Dani Pérezek batera eskainitako doinu lerroaren ostean, duoaren erritmoan egiten du aurrera Ponle letra gaiak. Inoiz ere behartuak ez diruditen bizitasun uneekin partekatzen dute aretoa doinu lasaiagoek, kontuen berezko ondorio dira.

                Izan ere, disko honetan ez duzu topikorik ez eta klixe errazik ere aurkituko. Hemen gu hunkitzeko gai direnek ondutako benetako musika duzu. Zentzu askotan, Mikel Anduezak proposatzen digun bidaia ederra da      5 Segundoro / Cada 5 segundos, eta guk atsegin osoz jasotzen dugugonbita. Beraz, bere eginkizun ugariek eta lan profesionalak denbora gutxi uzten diotela badakigun arren, ezin isildu dezakegun zerbait eskatu nahi diogu Mikeli: joan dadila gehiago estudioetara, honakoa bezalako diskoek ase uzten baitzaituzte denboraldi luze baterako.