Chris Kase Quartet

  • Data: 2018-06-29
  • Ordua: 21:30
  • Lekua: Madrid, Jazz y Verás

Bide luzea egina baldin bada ere, New Jerseyko tronpetajole honek era guztietako erraztasunak ematen dizkizu bere musikara hurbil zaitezen, ilunpetik ateratzen ariko balitz bezala. Nahikoa duzu azken diskoari erantsitako libretoa zabaltzea: ñabardura guztiak erakutsi eta zein bere inguruabarrean dizkizu ipintzen Let Go honek. Zerikusia izango dute ahalegin pedagogiko honetan noski Chris Kasek Musikenen klaseak ematen jarduteak eta Alfono X El Sabio unibertsitateko musika fakultateko irakaslea izateak. Esan dezagun, hala ere, eskaintzen digun lana ulertzeko ez duzula aditua izan beharrik, berez zaizu mintzo eta prestutasunez egina da. Aurreiritziak ahaztu eta musikak eraman zaitzala esan dezazun. Horixe dizugu aholkurik onena harrokeriarik gabeko bikaintasunez jotako abesti bilduma eder hau entzuteko. Chris Kaseren musikak gehiago dauka hausnarretik hunkigarritasunetik baino, eta halakoa izan arren, ez duzu berotasunik gabekoa. Ez zaitu liluratu nahi esku-jolasez edo trinkotasun merkez, ezta inoren lorpenak imitatuz ere: nortasunezko idazkera dauka, eta aski du horixe edertasun handiko osotasun bat eskaintzeko.

Chris Kasek egina zeukan lehendik lan bat Errabal Jazz-erako, My Private Circus (2013). Lan hura dena berak bakarrik egindakoa dela esan genezake, baina honakoan laukote batean datorkizu, Marcos Collado (gitarra), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Miguel Benito (bateria) dituela lagun, hirurak ere Madrilgo jokalekuetako lankideak eta hainbat proiektutan arituak Chrisekin. Erran gabe doa beraz ezin egokiago harremandutako lana egin dutela, eta diskoak ezagun du konplizitate lasaian aritu direla. Onerako, bistan denez.

Albumak Teaser dauka atari, Charlie Parkerrek ezaguna egin zuen Star Eyes klasikoan oinarritua. Chris Kasek soprano eta kontralto arteko mezzoan dihardu presarik gabe Marcos Colladoren azpi harmonikoan barrena. Gainerakoan, diskoak halako oreka eredugarri bat dauka sutsuaren (Teaser, Riff One, Puddle Jumper) eta barnetasunaren artean (The Wishing Song, Afastado), gitarrak eta tronpetak solas adierazkorrak egiten dizkizutela. Chris Kaseren omenaldi pertsonalak ere ageriko zaizkizu, Ralph Towner edo duela lau urte zendutako Ken Wheeler kolega zaharra oroituz albuma zigilatzen duen pieza hunkituan.

Europan egiten den jazz onenean txertatzen den lana duzu Let Go, garaian garaiko joeretatik haratagokoa: Chris Kasek eman egiten dizu bere kolkotik apal bezain eskuzabal, eta eraman zaitzala erabakiko duzu.