Diana Palau & Joel Moreno Codinachs

Diana Palau (Bartzelona, 1974). Musika ikasketak Bartzelonako Taller de Músics ikastetxean eta Kataluniako goi-mailako Musika Ikastegian (ESMUC) egin zituen, azken horretan graduatu zen Jazz Kantuan, 2007an. Besteak beste, Ana Finger, Eladio Reinón, Albert Bover, Joan Díaz, Joan Monné, Eduardo Tancredi eta Agustí Fernández izan ditu irakasle, eta Sheila Jordan, Michelle Weir, Gillian Kayes, Maureen Scott, Horacio “el Negro” Hernández, Giovani Hidalgo eta Deena De Rosek emandako mintegietan parte hartu du. Abeslari gisa, 2002an Bartzelonako Nazioarteko Jazzaldian Bobby McFerrini lagundu zion eta Taller de Músics ikastetxean osatu zen Ensemble de Veus taldeko kidea izan zen. Era berean, Joan Albert Amargósekin (2005), Taller de Músics ikastetxean osatutako Cris Juanico & Original Jazz Orquestra  orkestrarekin (2008), Carmen Pazekin (2011) eta Alessandra Patruccok zuzentzen zuen Mondo Aereo (2012) taldearekin abestu du.

Bere ibilbidean duoak osatu ditu Alejandro Di Costanzo eta Pascal Morente piano jotzaileekin eta Aleix de Gispert eta Joel Moreno Codinachs gitarra jotzaileekin; hirukote bat ere bai, Seqüències, Joel Moreno Codinachs eta Albert Juanekin, Joan Maragallen poemak musikatuz; eta bere boskotea ere osatu du Jordi Berni, Alfred Artigas, Paco Weht eta Salvador Toscanorekin.

 

Joel Moreno Codinachs (Bartzelona, 1973). Besteak beste Mario Rossy eta Albert Cuberoren gidaritzapean hasi zituen jazz eskolak.  Holandan, bertan bizi izan baitzen lau urtez, Jazz Gitarran graduatu zen Hagako Erret-Musika Ikastegian. 2007an New Yorkera joan zen eta bertan izan zen bi urteetan aukera izan zuen esperientziak Peter Bernstein, Jean Michel Pilc eta John Scofieldekin partekatzeko. Gainera, La Caixaren eskutik beka bat jaso zuen Musika alorreko master bat egiteko New Yorkeko Unibertsitate ospetsuan. Etxe-orratzen hirian grabatu zuen bere bakarkako aurreneko diskoa, Emergexit (Errabal, 2010), Jason Arce, Itai Kriss, Clay Xiang Tan, Clay Schaub eta Nick Anderson lagun izan zituela.

Sideman gisa Luna Cohen abeslariarekin –hainbat disko grabatu ditu harekin–, Bernat Hernández baxu jotzailearekin, Martí Ventura piano jotzailearekin, folk-manouche egiten duen Folkincats taldearekin eta, nola ez, Diana Palaurekin jardun du.

Moreno Codinachsek dio jazzak eta Brasilgo musikek hartua dutela, genero horiek sarritan interpretatzen dituela, Diana Palauk bezala. Eta hiri ezberdinetan bizitzera eraman duen bizimodu alderraiak gaina hartzen diola, hiri horietan ondu baitu bere musika egiteko modua, egilearen beraren estiloari tokian tokiko berezitasunak erantsiz.

 

Jazzaren, Brasilgo musikaren eta poparen unibertsoan trebatuak, Diana Palau eta Joel Moreno Codinachsek duo berezia abiarazi zuten 2011n, eurek ondutako gaiekin eta askatasun osoz moldatutako jazz generoko, Brasilgo musikako eta pop estiloko piezekin errepertorio bat eskaintzeko asmoz. Bi lan eman dituzte argitara orduz geroztik: Songs & Canções (AE, 2011) eta Play (Errabal, 2015). Lan horietan euren belaunaldiko izen handi batzuk izan dituzte laguntzaile, esate baterako, Alejandro Di Costanzo, Bernat Hernández, Paco Weht eta Guillem Arnedo.

Argazkiak