Miguel Salvador Trío eta Javier Alzola : CÓDIGO

Gitarra jotzaile bilbotarraren hirugarren diskoa, Javier Alzola saxo jotzailearekin batera apailatua. Eta hori ez da harritzekoa, urteak joan baitira elkarrekin ezin hobe moldatzen direnetik nola agertokietan hala agertokietatik kanpora, jaialdi, klub eta kontzertu askotan jo baitute azken urteotan elkarrekin. Batasun horretan du abiapuntua ñabarduraz beteriko zortzi gaiek osatutako lanak. Lan horretan mintzaira arina landu dute Miguelen gitarrak eta Javierren saxoak, berezko hotsen Kodea sortu dute, doinu hauskor bezain barnekoiak, indarrez eta energiaz beterikoak … aurreko lanen moldeko beste gai batzuk,  gai hipnotikoak…

Minimalista da musika, goxoa eta bidaiaria batzuetan, zakarra eta abangoardista besteetan, hotsen arteko kontrasteez beterikoa beti, sentsazioak nahasi egiten baitira soinu sendo eta une magikoez beterikoa eskaintzeko, entzulea barne bidaia bat egitera gonbidatuz. Disko sakona da, entzuleak gozatu egingo du era askotako erritmo eta tinbre aldaketekin, ezertxok ere ez dio ihes egingo.

Hasier Oleaga eta Jon Piris bateria eta kontrabaxu jotzaileek osatzen dute laukotea, bikote hori lehendik ere Miguelekin lan egina zen azken horren lanetan.

Miguel Salvadorren hirugarren lan honetan, gure garaiko euskal jazzaren joera gaurkotuena eskaintzen digute lau musikariok. Lan bikaina harmonia biribilean.