Zimeldu ez den fruitua

  • Egunkaria: Berria
  • Argitaratze data: 2024-03-28
Etzi beteko dira 100 urte Billie Holiday jaio zela; mende erditik gora igaro da hil zela, baina haren oroimenak eta ondareak bizirik dirau, baita euskal musikariengan ere.

BERRIA  -  Gorka Erostarbe

Mikel Laboak maite zuen Billie Holiday. Hil aurretik kaleraturiko azken diskoan, Xoriek 17-n (2005), kantu bat eskaini zion In Memoriam izeneko atalean. «Asko entzun izan dut eta entzuten dut. Asko maite dut bere ahotsa, bere kantatzeko modua. Bere bizitza ezagutu dut biografien bidez. Goizetan, gosaltzeko garaian, ia egunero jartzen genuen Billie Holiday bolada batean. Nik banuen egina musika bat, baina ez nekien oso ondo zer zen, jazza-edo. Iñaki Salvadorrek esan zidan ematen zuela Alemanian bi gerren artean egiten zen musika, Kurt Weillek egiten zuenaren tankerakoa. Hollidayri eskaini nion», esan zuen diskoa kaleratu berritan, Entzun aldizkariari eskainitako elkarrizketan. Beñat Axiarik ere maite du Billie Holiday. Sarri entzun diogu zuzenean hark famatu egindako Strange Fruit pieza mitikoa modu durduzagarrian interpretatzen.Billie Holidayrentzat gogorra izan ohi zen pieza hura kantatzea, nahiz eta ia kontzerturo egin behar izaten zuen, bis-en garaian gehienetan, bera entzun eta ikustera joaten zen publikoarentzat ia ezinbestekoa bihurtu baitzen. «Strange Fruit kantatzeak hainbeste eragiten dit, gaixo jartzen bainaiz. Indarrik gabe uzten nau», utzi zuen idatzirik Lady Sings the Blues autobiografian, 1956an, hil baino hiru urte lehenago.Heldu den asteartean, apirilaren 7an, mendea beteko da Billie Holiday jaio zela (Philadelphia, AEB, 1915). Eleanora Fagan Gough zuen benetako izena, eta Lady Day ezizen artistikoz egin zen ezagun. Aditu gehienen ustez, jazz kantari nabarmen eta eragin handikoenekoa da. Robert Christgau jazz kritikariaren iritzian, «bakarra eta XX. mendeko kantari onena» izan zen. Frank Sinatrarentzat, berriz, bere eragin nabariena izan zen, eta AEBetako herri musikaren historian oihartzun handieneko kantaria. The Time aldizkariak XX. mendeko kantu onentzat izendatu zuen berari abestea hainbesteko mina ematen zion Strange Fruit hura.Sarri esan ohi da arrazakeriaren aurkako lehen kantua izan zela. Hori baieztatzea ia ezinezkoa da, baina argi dago gizartean sona lortu eta oroimenean iltzaturik geratu zen aurrenetakoa izan zela. Ez zen Billie Holidayk berak idatzitakoa gainera, Abel Meerepol poeta judu zuriak baizik. AEBetako hegoaldean zuhaitzetatik urkaturik ikusitako beltzen irudiak eragindako kolpea azaldu zuen poema hartan. Zuhaitzetan zintzilik zeuden haiek ziren strange fruit-ak (fruitu arraroak).
Kantuen interpreteaKantu hark bezala Billie Holidayren oroimenak bizirik iraun du hil zenetik mende erditik gora igaro den arren. Zimeldu ez den fruitua da. Eta zimeldu da ahots aparteko eta berezi bat zuelako, bai, baina ez horregatik bakarrik; pertsonaiak berak kantariaz gaindiko dimentsio sozial handiagoa izan duelako. Beltza, emakumea eta bisexuala zen, eta horien guztien aldeko aldarriak egin zituen aski garai zailetan. Interpretatzeko gaitasunean zuen berezigarri handiena; berezko swinga izateaz bat, kantuaren edukia bere moldera ekartzeko trebezia zuen. Kantuei intentsitate eta entitate propio bat gehitzen zien, sarri bere bizipen pertsonal gordinen ondorio gisa —haurtzaro gogorra izan zuen, amarekin batera bere burua prostituitu behar izan zuen, drogekin eta bikotekideekin hamaika arazo izan zituen…—. Kantatutakoa pertsonalizatzeko joera horrek Bessie Smith eta Ma Rainey blues kantarien moldearekin parekatu zuen.

Disko berriak haren omenez

Billie Holidayren jaiotzaren mendeurrena dela-eta oraintsu argitaratu du Columbia Records etxeak Billie Holiday: The Centenial Collection bilduma. 1935. eta 1945. urte bitartean grabatu zituen hogei pieza esanguratsuenetakoak biltzen ditu diskoak, eta arreta berezia jartzen du 1937. eta 1939. urteen artean, hastapeneko urteetan. Teddy Wilsonen orkestrarekin eta Billie Holiday Orchestrarekin grabaturikoak dira, eta, besteak beste, Lester Young saxo jotzailea ageri da. Hainbat klasikoren artean hor dira entzungai Lover Man, God Bless the Child, Summertime, These Foolish Things eta Strange Fruit bera.

Bilduma horrez gain, Casandra Wilson jazz kantariak ere Holiday miretsia omenduko du bihar plazaratuko den Coming Forth By Day diskoan (Legacy). Lady Dayk kantaturiko piezak bere moldez eman ditu Wilsonek lan horretan. Don’t Explain, Crazy He Calls Me, All of Me, Last Song (For Lester) eta, nola ez, Strange Fruit tartean. Jose James jazz eta hip-hop musikariak ere Hollidayri eskaini dio Blue Note etxearekin plazaratu berri duen lana: Yesterday I Had the Blues: The Music of Billie Holiday.