Marcelo Escrich Silent Trio

  • Data: 2017-03-09
  • Ordua: 20:30
  • Lekua: Iruñea Zentral

MARCELO ESCRICH SILENT TRIO

Charlie Haden Songbook

 

Zirkunstantzia bat edo beste bat dela medio, aitor dut oso egun gutxitan ez zaidala Charlie Haden handiaren oroitzapena gogora etortzen. Jartzen duzu Ornetteren disko zahar bat eta hortxe ageri zaizu Van Goghen koloreen sinfoniak bezain ongi ezagutzen den soinuarekin; geure politikarien amarruekin apur bat haserretzen zara, eta orduan jotzen duzu Liberation Music Orchestraren zintzotasun militantean babes hartzera; Portugalgo ahaide-lurren muga gainditu eta gogora etortzen zaizu Carlos Paredesekin ondutako duoen disko zahar hura… Eta horrela, behin eta berriz, zirkunstantzia hauetan eta besteetan, eta kontuan hartu gabe harekin hitz egiteko eta bere gizatasun handia egiaztatzeko hiru aldiz egoteko aparteko zori ona izan nuela, den bezala jotzen da, ez besterik.

Jaiotzez argentinarra den baina aspaldi honetan hemen bizi den Marcelo Escrichi antzeko zerbait gertatzen zaiola iruditzen zait niri: dagoeneko, eta tamalez, gure artean ez dagoen arren, Charliek bizirik jarraitzen du gure bizitzetan, artista handia bezain irudimentsua izan baitzen. Segur asko horrexegatik aditzen da disko hau hain modu hunkigarrian, hain benetakoan eta talentu handiko musikari errepika ezinaren aurreko begirunez betean. Jazzean modu ia saihestezinean behar duen bezala, gisa honetako omenaldi bat ez da pop/rock taldeetan horren ohikoak diren “omenaldi” traketsez mozorroturiko kopien modura planteatzen: hemen kontua ez da kopiatzea, baizik eta zeure musikaren bidez, zeure giza eta arte alorreko eskarmentuaren bidez, omenaldia jasotzen duenaren profila adieraztea. Hadenenak dira album honetako hamalau gaietatik hamaika, eta Escrichek eta bere lagunek (bikaina da Alberto Artetaren eta Luis Giménezen lana, baita Mikel Andueza handiaren, Terela Gradinen eta Javier López Jasoren ekarpena ere) berritu egiten dituzte, egilearekiko begirunea eta taldekideen ekarpena modu ezin zuzenagoan elkartuta. Marcelok ondutako hiru gaiek agerian uzten dute egile honen Hadenekiko mira, eta agerian uzten dute, era berean, haren musika ontzeko talentu berezia.

Oso gogoan dut lehenengo aldiz Donostiako hotel batean Charlie Hadenekin topatu nintzen egunean transmititu zizkidan ideietatik bat: dena jarri behar da nota bakoitzean, azkenekoa balitz bezala, hau da, bizia eman edo arriskuan jarri behar da nota bakoitzean. Eta horixe da haren musika aditzen dugun guztietan hain benetako, hain indartsu, hain magiko entzuteko arrazoi nagusietako bat, arrazoi nagusia ez bada. Eta zintzotasun apurtezin hori topatuko duzu baita disko eder eta bikain honetan ere. Beraz, jarrai itzazu egileek albumaren barneko argazkien bidez iradokitzen dizkizutenak: isildu zaitez eta entzun. Ez dago plazer handiagorik.

mario benso