The Machetazo

2017-05-06

Gure garaiko jazzari emandako bost musikari gazteren talentutik sortutako beste proiektu musikal bat da The Machetazo. Bostak dira Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegian ikasiak, eta eskarmentu handia dute musika talde askotan ibiliak direlako, aitzindari gisa batzuetan, taldekide gisa besteetan eta laguntzaile gisa ez gutxitan.

New Yorken du jatorria The Machetazo proiektuak, hiri hori baita jazz musikari ororen Meka; master baten bidez beren ikasketetan sakontzeko xedean hiri horretara joan ziren gure bost lagunak lehendik Holandatik pasa ondoren.Ezin hobeak ziren baldintzak: hiri bikaina, sortzeko ilusio eta gogo handiak, eta gainera taldekideak apartamentu batean eta berean bilduta, konplizitate eta elkar ulertze musikal guztiz berezia sortu zen euren artean, luze gabe sortuko zen proiektuari begira ezinbesteko oinarria, alegia. Brooklyn auzoan zegoen bi logelako apartamentu horretako pareten artean (bazuen patio bat gibelaldean), taldeak bere musika landu eta bere soinua zehaztu zuen, dena partekatzeagatik, bereziki musikarekiko grina partekatzeagatik, euren artean sortutako adiskidetasun handia lagungarri; horrek guzti horrek isla garbia du taldearen konposizioetan.